XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

SARRERA

Hemen aurkezten dugun liburuxka hau ikaslearen liburuaren osagarri modura pentsatua dago, irakurmenari ere bere lekua eskaini nahian; izan ere, A ereduan iharduten dugunok ongi aski baitakigu zenbateko zailtasunak ditugun liburu edo irakurgai egoki bat topatzeko, eta hori guztia kontuan hartuta burutu dugu bildumatxo hau.

Baina material eskasiaz gainera, badaude orain aipatu nahiko genituzkeen beste zenbait arrazoi ere.

Lehenik, arestian aipaturiko arrazoiekin lotuta, irakurmena bera lantzea da helburu. Uste dugu beste hiruekin batera, ezinbesteko osagaia dela hizkuntza baten ikasketa. Orrialde hauetan irakurgai errazak eta laburrak daude, luze eta zailagoak; zailtasun maila ezberdinetakoak sartzen ahalegindu gara. Laguntza modura eta irakurgai bakoitzaren amaieran hiztegitxo bat ipini dugu, ikasleei irakurketa bera erraztu nahian.

Bestalde, ikastunitatean agertzen den proiektuaren osagai modura har ditzakegu irakurgai hauek.

Liburuxka ikastunitatetan ordenaturik dago Ikaslearen liburua bezala, eta bakoitzean irakurgai ezberdinak eskaintzen dira.

Beraz, ikasleak aurrez ikusitako gaiekin zerikusia duen informazioa aurkituko du.

5. Ikastunitatearen irakurgairik ez dugu jarri, ikastunitate horretan Iñaki Aldaiaren Portzelanazko irudiak irakurtzea proposatzen delako.

Halaber, testualitatea lantzeko eredu ezberdinak eskaintzen zaizkio ikasleari, bai testuaren egituraketa bai idazterakoan erabili behar dituen beste zenbait baliabide.

Azkenik, Ikaslearen liburuan eskatzen diren proiektuak osatzeko material erreala eta hurbila aurkituko du. Uste dugu ikasleak horrelako testuak ezagutu behar dituela.